Carlos Sánchez-Barba: hamaika urteko lanaren aitortza
Carlos Sanchez Barbak 11 urte daramatza Ustekabe fanfarrearentzat kantuak moldatzen. Ustekaberen kantu-moldatzaileak eta Eibarko Musika Bandako zuzendariak, azken urteotan fanfarre eibartarrarentzat egindako hainbat kantu bildu, Bandarako armonizatu eta Ustekaberi eskaini zion iragan igandeko kontzertuan. Ustekabe fanfarreak plaka oroigarri bat eskaini zion igandean, kantua eskertzeko eta azken 11 urteotan egindako lana aitortzeko.
Duela hamaika urte, Ustekabeko hainbat kide bezala, Eibarko Bandako musikaria zen Carlos Sanchez Barba. Zuzendariorde izendatu zuten gero, eta Bandako zuzendaria da gaur egun. Zuzentzeko gaitasunaz gain, abilezia berezia du partiturak egiteko. Hainbat konposizio egin izan ditu berak: “Ciudad de Eibar” pasodoblea, “Txirrindularien Txirrina”, edo “Ustekabe” abestia, besteak beste.
Hamaika urteotan dozenaka partitura egin ditu fanfarre eibartarrarentzat: “Solo vivir” (Skalariak), Sinosuke, Gau Ibilera, I Will Love Again (Lara Fabian), Livin´ on a prayer (Bon Jovi), Hoy duerme el León, Rock and Roll Radio (Ramones)… eta hainbat potpurri ere bai: “The Blues Brothers Blows” (Everybody Needs Somebody To Love, Do you love me?), “Tributo a los 80” (“Historia triste” Eskorbuto, “Eh txo!” Hertzainak, “Lepoan hartu” R.I.P., “Txus” La Polla Records), “Trikimix (“Emakume jaio nintzen” Maixa ta Ixiar, “Kalanbreak” Gozategi, “Txanpon baten truke” Alaitz eta Maider, “Eskurik eskuekin” Etzakit), Kontrabandak, “Ustekabe Telebista” (Mamu harrapariak, Doraemon, Dragoi Bola) …

Sánchez-Barba, Ustekaberekin tronpeta jotzen
Momentu zaila bizi izan zuen Ustekabe fanfarreak 2002. urtean, hainbat kidek taldea utzi behar izan zutenean. Txaranga sortzeko egindako ahalegina bertan behera ez uzteko eskatu zien orduan Carlos Sanchez Barbak garai hartako kideei, eta bere laguntza eskaini. Baita eman ere. Dozenaka lagun sartu eta irten dira geroztik Ustekaben, eta hamaika urteotan Carlosek lanean jarraitu du, itzalean: partiturak egiten, entsaio batzuk zuzentzen, beharrezkoa denean kalean gurekin jotzen…

Carlos Sánchez Barba Ustekabeko kideekin 2003ko otsailean, Legazpiko aratosteetan
Ustekaberentzat lan horri ekin zionean “txaranga sinfoniko” kontzeptua jarri zuen mahai gainean. Ordutik hona, Ustekaberen musikalitatea eta musika-kalitatea nabarmen hobetu da Sanchez Barbari esker. Hori gutxi ez, eta berak Ustekaberentzat egindako hainbat kantu ”Euskal Jaia” izenburupean batu eta Ustekabe fanfarreari eskaini zion igandean. Musika Bandaren kontzertuan entzuteko aukera izan zen, eta orain Youtuben ere badago ikusgai. Eskertzeko, eta urteotako lana aitortzeko, Ustekabek plaka bat oparitu zion Sánchez-Barbari.
Ustekabe fanfarreak bere esker ona publikoki adierazi nahi dio Carlos Sanchez Barbari, urteotan fanfarreari emandako laguntzagatik. ESKERRIK ASKO, CARLOS!

Ustekabeko kide eta kide-ohiak, Eibarko Bandaren kontzertuaren ondoren Carlos Sánchez-Barbarekin, eskuan plaka jaso berria duela.