Forjarien Kanta, Eibarko aratoste-konpartsa batek 1911n sortutakoa
Aski ezaguna da Oskorrik berreskuratutako Forjarien Kanta, XX. mende hasierako greba-giroa deskribatzen duena. Ez da hain ezaguna, ordea, zantzu guztien arabera, aratosteetan duela bere jatorria: “Eibarko 1911ko Iñauterietako Forjarien jaitia” izenaz argitaratu zen estreinakoz, Euskal Erria aldizkarian.
Izan ere, jai handiak ziren aratosteak Eibarren, Frankok debekatu arte. Ez dakigu Tolosaren pareko izango ote ziren, baina gauza jakina da kultura politiko ezkertiarreko tokietan bereziki zigortu zirela aratosteak. Halaxe gertatu zen hiri armaginean ere. Baina, ordura arte, irudi politak utzi zizkiguten aratosteetako konpartsek.
Irudi horietan ikus dezakegunez, talde handian mozorrotzeaz gainera, ohikoa zen musikariz inguratuta aritzea. Eibarren gaur egungo formatuko txarangarik ezagutu ez badugu ere, badago musikariz hornitutako taldeen konstantzia jaien inguruan. Badirudi horrelako konpartsa bat izan zela Eibarren 1911ko aratosteetan, eta jai-giro hartan abestu zela “Forjarien Kanta”.
Letrak darabilen euskalkiagatik, posible da izan kantuaren jatorria eta jaioterria beste bat izatea. Baina Eibarko aratosteetan dokumentatu zen estreinakoz eta, beraz, Eibarko kantatzat har dezakegu. Are gehiago, Eibarren mendebaldeko euskara egin arren, bertsogintzan gipuzkera erabili izan dela kontuan hartuko badugu. Halaxe azaldu zuen Juan San Martinek “Antzinako Eibar” liburuan:
“Antzinako Eibar” (Juan San Martin)
“Eibartarrek, bertsogintzan jarduten dutenean, Gipuzkoako euskaraz egin ohi dute; eta hemendik sortzen zaigu kanta honen jatorriaren zalantza. Egin ditugun galdeetatik, batzuen iduriz, kanta hau bertan sortua daiteke; baina, beste batzuen iduriz, Mondragoe aldetik ekarria omen da. Eibarko lehenengo huelga 1897.ean izan zen, Kintana anaien lantegitik, edo, hobeto esan, lantegiagatik sortua. Bertako gertakariak, xehetasunez, Toribio Etxebarriak, bere Viaje por el país de los recuerdos-en, 23-25 orrialdeetan emanak ditu (Mexiko, 1968). Beharbada gehiegizkoa litzateke orduan kantatzen zela esatea, baina beharbada bai. Geroztik, 1913 eta 1920.ean egin ziren huelgetan bai, orain bizi diren zaharrek diotenez.”
Kantua ezagun gaur egunera arte
Guzti hau ondo azaldua aurkitu genuen Deustuko unibertsitateko blog batean, baina esteka ez dabil eta ez dugu testua berreskuratzerik izan. Segurutik, bertsiorik ezagunena da 1984an Oskorrik “Alemanian euskaraz” bilduman argitaratutakoa. Diskako bigarren kantua zen Forjarien Kanta. Oskorriri zor diogu kantua azken 40 urteotan Euskal Herri osoan ezagun egin izana.
Baina egia osoa aitortzeko, Imanol Larzabal aurreratu zen: 1976an argitaratu zuen Eibarko forjarien kanta Le Chant du Monde lanaren barruan. Gero etorri zen Oskorriren bertsioa, eta handik gutxira, Incansables txarangarena.
Eibarko Kantak diskan aratoste-giro hori eman nahi izan diogu Forjarien Kanta ezagunari. Estilo txantxazalea, alaia, dantzagarria. Haizezko instrumentuen arteko jolasak, tronboien bultzadak eta saxofoi sopranoaren solo saltinbankintsuak sartu ditugu Dixie eta New Orleans Style batean murgilduta.
Bizi bitez aratosteak eta izan bitez kultur iturburu etorkizunean ere!
Ez dago iruzkinik "Forjarien Kanta, Eibarko aratoste-konpartsa batek 1911n sortutakoa"