Txaranga Eguna Eibarren
Bost txarangak Eibarko kaleak alaituko dituzte larunbatean, San Juan jaien iritsiera iragartzeko.
Zapatu arratsaldea entzute handikoa izango da auzo guztietan. Izan ere, txaranga bakoitza hiriko punta batetik hasiko da. Eibarko txarangak bat egin du tabernariekin eta Udalarekin, San Juan suaren lehen txinparta aurreratzeko: Txaranga Eguna izango da jaien iritsiera iragartzeko ekitaldi nagusia.
Jaia batera hasiko da erdialdean eta beste lau puntutan: Urkizu, Amaña, Ipurua eta Urki inguruetan. Auzoetan ordubetez aritu ondoren, txaranga guztiak erdialderantz joango dira.
Antzeko ekimenak egin genituen 2005 eta 2015.urteetan, gure fanfarrearen urteurren-ospakizunetan. Bi urte horietan egin ziren orain arte bizi izan ditugun txarangen alardeak. Hirugarrenez biziko dugu antzeko jaialdi bat, ostalariekin eta Udalarekin elkarlanean.
Prentsaurrekoan parte hartu dute Eibarko bost inguruetako tabernarik: Eva (Guridi), Rikardo (Laubide), Kity (Su-beroa), Juan Pablo (Zelai-Bide) eta Juan Mari (Manuel); herriko txarangako beste horrebeste kidek: Danel Montero, Asier Rodríguez, Maialen Bravo, Josu Mendicute, Iker Blanco eta Luken Urkiri; eta Patxi Lejardi eta Jon Iraola udal ordezkariek.
Guztiek, Eibarko txarangaren kamiseta jantzita eta bisitatuko gaituzten lau txarangen kamisetak eskuan, jendeari kalera irtetzeko dei egin diete, bai auzoetan, bai erdialdean.
Ekimena leku esanguratsuan aurkeztu dugu: Estaziño kalean, dultzaineroaren alboan. Bertan, Eibarko txaranga, ostalariak eta Udala ordezkatuta, Txaranga Eguna aurkeztu dugu: jaien lehen txinparta pizteko ekimena, San Juan Sua pizteko astebete baino gehiago falta delarik. Eta txinparta hori auzo desberdinetan piztuko da, txaranga bakoitzak auzo batean joko baitu.
Sanjuanaurrea egin nahi izan dugu, eta horretarako, bost txaranga ekarriko ditugu. Bat Tolosatik (Kalean), baita Donostiako txaranga (Joselontxos), Elgoibarkoa (Mauxitxa), Ermukoa (Irulitxa) eta Eibarkoa (Ustekabe).
Maialen Bravo Arte Ederretako ikasle eibartarrak egin du kartela. Kolore bakoitzak txaranga bat ordezkatzen du, Eibarko planoa osatuz, auzo guztiak besarkatu eta erdialdean bat egiten duen zurrunbiloan.
Albistea hedabideetan:
Facebook-en zabaldu Twitter-en zabaldu Pinterest-en zabaldu
Ez dago iruzkinik "Txaranga Eguna Eibarren"