Skip to content

Historia

2000ko udazkena hasi berria zegoen eta eibarko musika eskolako 16 laguni burutapen on bat okurritu zitzaigun, txaranga bat sortzea. Bakoitzak bere instrumentua hartu, edo berri bat ikasi eta martxan jarri ginen.

Partiturak lortu eta gogo handiarekin hasi ginen ensaioak egiten. Honela hasi ginen: 3 tronpeta, tronboi 1, bonbardino 1, 3 klarinete, 2 saxofoi, 3 flauta, kaxa, txapak eta bonboarekin.

Gure lehen irteera, modu ez ofizialean izan zen, 2001eko eibarko ihauterietan. Aurre-presentazio gisa izan zen irteera hau.

2001eko martxoaren 17an, gure aurkezpen ofiziala eibarko egunkari, telebista eta irratien aurrean egin eta gero, gure lehen irteera ofiziala egin genuen Ustekabe txarangaren izenpean. Egun honetan erropa berria eta instrumentu batzuk ere estrenatu genituen eibarko jendearen aurrean.

2001eko abenduaren 1ean, Ustekaberen lehen urteurrena ospatu genuen Eibarko kaleetan zehar, Santutxuko (Bilbo) Sama-Siku fanfarrearekin, eta Eibarko “Cielito” musika bandako partaide batzuekin batera.

Gure lehen irteera

Gure lehen irteera eibartik kanpora, 2001eko irailaren hasieran izan zen, Bizkaiko Orozko herrira, bertako jaietara. Ilusio handiarekin hartu genuen gure etapa berri hau.

Irteera honen ondorengoak ere egon dira, Amurrio eta Laudioko ihauteriak izan ziren lehenetarikoak. Ordutik gero eta gehiago hedatu ditugu fanfarrearen doinuak Euskal Herri osoan zehar eta baita kanpoan ere, Errioxan edo Bartzelonan, adibidez.

Ustekabe fanfarrearen 5. urteurrenean historia berridatzi genuen, eta hori ere hona ekarri dugu.

2005eko azaroa

Ustekabek 5 urte

Fresko antzeko giroa zegoen udazkeneko arratsa zen, eta bost urte pasa diren arren oraindik ezin dugu ahaztu fanfarre bat antolatzera eraman gintuen berbaldi txoro hura. Musika eskolako banda entsaio baten ostean izan zen, eta nola ez, etxera joateko ohizko gogo faltak eraginda, musika eskolan zertxobait gehiago geratzea erabaki genuen. Halaber, egun hartan kontserbatorio atzean egiten genuen ohizko pelota partidua plazaratua izan zen. Arras ezaguna da jadanik Eibarren azaroan egiten duen tenperatura desatsegina zeregin horretarako… Bada, han geunden hasierako 16 haietako batzuk, gazte berbetan inolako seriotasunik gabe, Bat-batean honats norbaitek bota zuena: “Ta txaranga bat sortzen badou?” Hasierako momentuan barre algarek bete zuten aretoa, baina ez pentsa bi aldiz errepikatu behar izan genuenik aho batez onartzeko! Gogoa bazegoen eta ilusioa inoiz baino azaleratuago….

Hasteko, txaranga batek, ezer baino lehen, izena behar du, musikariez gain, noski. Izenaren jatorriak ere badu bere xarma berezia. Egia esan, ostiral gau bati zor diogu, hots, oraindik aldatu ez diren ostiral gaueko pilota partidu horietako bati. Xabier Euzkitze izan zen protagonista kasu hartan: “Ustekabean harrapatu du pilota horrek aurrelaria” esan zuen nonbait, eta ez galdetu zehazki nola, baina larunbat goizean izen bila ibili beharrik ez zen egon. Ustekabean, entzundako izen original harekin geratu baikinen. Beraz, esker on Xabier gure historiaren parte izateagatik!

Elkarrizketa hartan parte hartu genuenok, besteei eman genien berria. Musikariak bilatzea ere ez zen lan xamurra izan, 16 lagunak musika eskolan ikasitakoak ginen, hasierako harrobia horrelakoa izaki: 3 perkusionista (Ander, Iñaki eta Nagore), tronboilaria (Mikel), bonbardinista (Gorka), tronpetistak (Andoni, Gaizka eta Jokin), saxofoilariak ( Ekhi eta Maitane), klarinetistak ( Ibone, Jon eta Jorge) eta flautistak ( Lara, Miren eta Nerea). Esan daiteke partaide hauek, Ustekaberen sustraia izan zirela, taldea finkatu zutenak, gero zuhaitz osoa poliki-poliki loratzen ikusteko.

Izena aukeratuta eta musikariak prest egonda, hasi zen Ustekabe txarangaren ibilera luzea. Beste pauso zailagoak egiteko beharra etorri zen ordea. Orduantxe konturatu ginen zertan sartu genuen geure burua, gure instrumentuak hartu eta kalera irtetzea jendea alaitzeko asmoz, ez zen nahikoa nonbait. Paperak bete, paperak sinatu… Han ibili ginen atal burokratiko guztiak betetzen, amaitu genituen arte, eskerrak!

Gutako edozeini entsaiatu genuen lehenengo kanta esateko galdetzen badiozu, ez du inork ahaztua izango, “Urdiña txiki”.Hasiera baten zailtasun handiak zituen harek guztiak baina txaranga bat ginen jadanik eta geure burua ezagutzera eman nahi genuen lehenbailen. Eibarko Udalari primeran iruditu zitzaion berria, ez baita oso arrunta jende gazteak horrelako burutazioak izatea. Lehen Taldea

Heldu zen azkenean, hainbeste itxarondako aurkezpen ofizialaren eguna. Txantxa Zelaiko parkea estreinatu genuen instrumentu eta jantziekin batera. Urduritasuna nabaria zen geure artean, baita ilusioa eta eginahalen islada ere, baina instrumentuak aho eta eskuetara eraman genituen momentuan, asteroko entsaio bat zela pentsatu eta taxuzko emanaldi bat eskaintzea lortu genuen. Egun hartako argazkiak ikusten ditugun bakoitzean, irribarrea, halabeharrez baino, oroitzapenen kausaz egiten zaigu, baina batez ere, harro sentiarazten gaituena ilusio bat jarraitu eta lanaren bitartez lortu izana da.

Azkar iritsi zitzaizkigun lehen irteerak. Orozko, Amurrio eta Laudio esaterako. Handik aurrera Ustekabe goruntz abiatu zen etengabean.

Horrela, Ustekabek 2001-2002 denboraldian hats berri bat jaso zuen, gazte gehiago sartu baitzen. Ioseba (perkusioa), Josu (saxoa) , Andres (tronboia), Borja (bonbardinoa), Amaia (klarinetea) eta Ibai (tronpeta) izan ziren bidaide berriak.

Bizitzako alor guztietan bezala, garai onak eta hain onak ez direnak egon ohi dira, eta Ustekabek bere aldetik ere, krisialdi bat jasan behar izan zuen bere bigarren urteurrena pasa ondoren. Hasierako talde trinkoa banantzen joan zen, ez inolako arazo edo giro txarrengaitik, ikasketek behartuta baizik. Jendea gutxitzen zihoan eta Ustekabek bere instrumentuak gordetzea onena zela ere planteatzera iritsi zen, baina berriz ere geratzen ginenok, ezin genuen etsi lan hura guztia egin ondoren, beraz bide zailena aukeratu eta burua ahal genuen bezala zulotik ateratzea erabaki genuen. Esan dezakegu, bada, Ustekabek ere, bere historian berpizkunde bat izan zuela.

Indarberrituta geunden, esperientzia gehiago geneukan eta bagenekien pasatutakoa pasa ondoren ezerk ez gintuela gure ilusioetatik urrunduko. Aitzitik, 2002-2003 denboraldian jende gehiago sartu zen eta honek aberastasuna eman zion txarangari: Ander, David eta Aimar (perkusioa), Alberto eta Xabi (saxoa) eta Mikel (bonbardinoa) izan ziren Ustekabeko kide berriak.

Krisiak krisi, bai bakoitzaren lan pertsonal ugariarekin,baita egin ohi ditugun asteroko entsaioekin,urtez urte gure musikalitatea hobetzen saiatu gara,hori bai, orokorrean definitzen gaituen ilusioa mantenduz. Azken finean horrek mugiarazten baititu beste alor guztiak. Oraingoz, gure telefonoari ez zaizkio deiak falta, beraz, bide onetik goazela pentsatu nahi dugu. Horrez gain, inguruko fanfarre eta txarangekin izandako harreman estuak, gure esperientzia handiagotzeko baliagarri izan zaigula ezin da ukatu. Horietako fanfarre bakoitzak zerbait irakatsi digu. Era berean, beraiek urte hauek guztietan gugandik zer edo zer jaso izana espero dugu.

Batzuk joan, besteak etorri, 2003-2004 denboraldian jende berria sartzeko beharra ikusi zen; Leire eta Jokin (tronboia) eta Imanol (tronpeta) hain zuzen ere, eta 2004-2005ean, berriz, Nadia eta Pablo (perkusioa), Ane (bonbardinoa) eta Unai eta Aitor (klarineteak) iritsi ziren.

16 gazte haietatik, 7 geratzen gara, jadanik hain kakaumeak ez garenak, baina indarrarekin datozen gazteek gogoa ematen digute gure garai hartan hasitako abentura hori jarraitzeko. Haize berriak urtero sartzen dira eta hauen freskotasuna beharrezkoa egiten zaigu, gure hasierako pausu eta urduritasunak gogorarazteko, eta abentura hau guztia nola hasi zen beti presente edukitzeko.

Bost urte luze pasa dira hasieratik eta orain V. urteurren honetan bizitakoa gogoratu nahi dugu, momentu txarrak eta momentu paregabeak berpiztu nahi ditugu inoiz ahaztuak ez izateko.Ustekabe hazi egin da, aldatu, eboluzionatu…Baina argi dago beti ere ilusioak bultzaturiko talde bat garela.Gaur egungo Ustekabe fanfarreak, fanfarrearen bitxikeri guztiak zuekin ere banatu nahi ditu, baita bere musika ere.

Hala ere, orain, ez gabiltza soilik V. Urteurrenaren prestakuntzan burubelarri. Izan ere, jende berriari gurekin batzeko aukera eman nahi diogu eta horren adibiderik garbiena da Maitane (klarinetea), 2005eko irailetik Ustekabeko kide dena.

Ezin dugu bukatu eskerrak eman gabe. Entsaio hartako ideia txoro hura aurrera ateratzen lagundu gintuzuen guztioi, gutxi ez zarete izan eta, eskertu nahi dizuegu egindakoa, benetan eta bihotz bihotzez.

Ahaztu gabe… Zorionak Ustekabe eta urte gehiago egin ditzazula!!!

Ustekabe V. Urteurrena liburua (pdf)

Advertisements
%d bloggers like this: