
Taller hiriko txaranga
Eibarko txaranga gara. Taller hirian jaiotako txaranga, alegia. Izaera industrialeko herria izan da Eibar betidanik, eta XX. Mendean horrek baldintzatu du bere hirigintza paisaia. Bideo korporatiboa grabatu dugu eta, lehen eszenan hori islatzeko, Txonta auzoan aurkitu dugu lokalizazio egokiena.

Eibar osoan ez dugu aurkitu horrelako parajerik, gure identitate eta historia industriala erakusten du, Eibarren hain ohikoa izan den etxe eta tailerren arteko nahasketa hori. Eta bertan egin dituzten marrazkiek (tartean, Harkaitz Canok idatzi eta Erb Mon artistak paretetan margotutako ipuinak) erakusten dute sormen artistiko eta kulturalaren bidez garai berriei ongietorria eman nahi zaiela. Hori guztia Txontan aurkitu dugu, eta asko gustatu zaigu gure bideorako, gure izaera islatzen duelako: gazteak gara, kulturgintzan dihardugu, eta tailerren hiriko seme-alabak gara. Lehen irudian argi utzi nahi genuen nongoak garen, eta horregatik aukeratu genuen Txonta.
Bideoko gainontzeko irudiak San Juan bezperako kalejiran hartutakoak dira. Koadrila mugimendu horrek Ustekaberen bultzada izan zuen, duela hamabost urte. txarangaren jardueraz gain, Eibarrekiko atxikimendua islatzen dute irudiek. Bi eibartar gaztek egin digute lana: Sofía Machín eta Nuria Robleño izan dira artistak, eta lan txukuna egin digutela esan dezakegu.
Bideoa egiteko erabilitako musikak ere lotura du Eibarrekin eta, zehazki, Txontarekin. EH Sukarraren txaranga bertsioa da, hain zuzen ere, Ustekabek iaz Legarren grabatutakoa. EH Sukarrak kale horretan entsaiatzen zuen, dena dago lotuta. Guk hamaika bilera eta afari egin ditugu bertan. Eta entsaiatu, BH bizikleta fabrikaren tailerra izandako eraikinean entsaiatzen dugu. Eibarren guztiok daukagu lotura Taller Hiri kontzeptuarekin, eta hori begibistan utzi nahi izan dugu bideo hasieran.
Horiek dira estreinatu berri dugun webgune honetan ikusten diren lehen irudiak. Codesyntax empresa eibartarrak egin digu webgunea, txarangaren jarduera ezagutzera emateko. WordPress eduki kudeatzaile librean dago oinarrituta eta eleanitza da (euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa), izan ere, gero eta dei gehiago jasotzen ditugu Ebrotik behera eta Bidasoatik gora. Guretzako ohorea da Eibarren izena hemendik kanpo eramatea.
Datozen hileotan 20. Urteurrena ospatuko dugu, hainbat jarduera bultzatuz. Hasteko, Eibarko kantuen diskoa grabatuko dugu, eta lan horri ekin diogu dagoeneko, Eibarko Udalarekin elkarlanean. Urte amaieran aurkeztea da euren asmoa.
Facebook-en zabaldu Twitter-en zabaldu Pinterest-en zabaldu