Elurra mara-mara jo genuen larunbatean

2010-02-17 By

Atzoko egunez, agur 2010eko aratosteei. Guk aktuazio bakarra egin dugu aurten: larunbatean. Arratsaldeko 6etan hasi genuen kalejira Estaziño kaletik. Gazte gutxi batzuk han zeuden, gure zain. Errepidea moztu eta Txantxillo kalejirarekin abiatu ginen Errebaleko gure egoitza ohiaren hondakinetara iritsi arte. Kantua aldatu eta aurrera, Julian Etxeberria eta Toribio Etxeberria kaleetan gora, Untzagararte. Elurra jasaten egin genuen kalejira osoa! Toribio Etxeberrian kantu batzuk jo ondoren, Kalbetoi kalera joan ginen, Untzagatik jotzen pasa gabe.

Musika zegoen Untzagan, aratosteetarako jarritako karpan, eta han zegoen DJari bere lana egiten utzi genion. Kalbetoi kalera joan ginen gu, inguru horiek alaitzera. Hurrengo egunean txistulariek lokalizazio bera aukeratu zuten, elurretatik babesteko. Errepertorioari errepasoa ematen hasi eta konturatu ginenerako arratsaldeko 7,30ak ziren! Eztarria busti eta kalejira abiatu genuen Urkizura.

Bidebarrieta kalean jendeak harrituta begiratzen gintuen. Txarangek, Eibarren, oinezkoen gunean bakarrik jo ohi dute, tabernen aurrean. Guk beheko aldeari buelta pare bat eman genion larunbatean.

Urkizuko parkean piskanaka koadriletako jendea biltzen ari zen. Lourdes Urzuriaga antolatzaileak dena prest zeukan: Udaltzaingoa, auto deskapotablea zeraman koadrila bat, fanfarrea eta atzetik bere taldea furgoneta batekin. Furgonetan zihoan Lourdes, mikrofonoa eskuan, epaile lanak egiten. Atzetik, bi arraunlari talde, nor baino nor Arragueta kalean gora.

Giro alaiean iritsi ginen berriro ere Toribio Etxeberria kalera, Club Deportivo parera iritsi arte, eta han ere gure doinuak eskeini ondoren meriendatxo bat jateko aukera izan genuen antolatzaileei esker. Orduan hasi ginen berotzen, baina hori hotza hiru orduz pasa genuena!!

Hamar urteotan Eguen zuri (osteguna) edo barixakuan (ostirala) ospatzen diren Kaldereroetan hartu izan dugu parte, baina orain arte aratosteetako larunbatak kanpoan ospatu izan ditugu: Laudion, Amurrion edo Barakaldon, besteak beste. Aurtengoan, berriz, gure herriko kaleak alaitu ditugu.

Larunbatean honako partaideak izan ginen:

  • Perkusioa: Aimar Goenaga, Pablo Zubiaurre, Nadia Conlledo, Iñigo Lahidalga
  • Tronboiak: Mikel Larrañaga, Jokin Azkoaga
  • Bonbardinoa: Andoni
  • Tronpetak: Andoni Martín, Milena Uralde
  • Saxofoi tenorra: Josu Mendicute
  • Saxofoi Altuak: Oier Berrizbeitia, Sara Gómez, Alberto Cárdaba
  • Klarineteak: Itziar Barrenetxea, Aitor Iturricastillo, Alayn Moya, Ane Lahidalga