Txaranga Ustekabe deitzea Xabier Euzkitzeren “errua” da
Duela bost urte inguruko Gasteizko Andre Zuriaren jaiak ziren, eta gure blusa koadrilarekin Gorbeia merkatalgunera joatea egokitu zitzaigun. Han geuden, korroan, ia hutsik zegoen merkatalgunea alaitu nahian, edo bezperako biharamona kentzeko gogoz, eta familia bakarra gu ikusten. Hara non horietako bat Xabier Euzkitze zen! Harek ez zuen espero izango, noski, ikusten ari zen txarangaren izenaren aukeraketa berari zor geniola…
Txaranga sortu zenean, 2000-2001 ikasturtean, orain bezala, Xabier Euzkitze pilota partidak telebistan komentatzen aritzen zen, eta honakoa bota omen zuen: “Ustekabean harrapatu du pilotak aurrelaria!”. Ez dakigu zehazki nola, baina ordurarte izenik gabeko txaranga zena Ustekabe izatera pasa zen hurrengo goizean.
Halaxe kontatu genion egun hartan, eta agindu genion gainera gure historiaren bitxikeria hau aipatzen zuen liburuxkaren ale bat bidaliko geniola, gure V. urteurrenerako egin genuen liburuxka (pdf), alegia. Ordutik hona hainbat aldiz agindu izan diot ale hura bidaliko geniola, eta duela aste gutxi batzuk bidali genion, azkenean, agindutako alea, atzerapena barkatuko digulakoan.
Esandakoa, Xabier: esker anitz gure historiaren parte izateagaitik!
Facebook-en zabaldu Twitter-en zabaldu Pinterest-en zabaldu