Euskal Jaia Errioxan larunbatean

2011-07-26 By

Duela 6 urtetik hona urtero Euskal Jaia antolatzen dute Castañareseko kanpinean (Errioxa). Euskal Herritik kanpo badago ere, kanpinean dauden lagun gehienak euskaldunak dira, baita kanpinaren jabeak, eta 2005. urtean San Inazioekin batera Euskal Jaia antolatzeari ekin zioten. Aurtengoa zazpigarren edizioa izango da, datorren uztailaren 30ean, larunbata.

Euskal jaia… Errioxan! Sekula Ezkaraira joan izan direnek ezagutuko dute bidean hainbat bandera dituen kanpina, Haro eta Santo Domingo herrien artean, erdi-erdian, Casalarreina eta Castañares artean dagoen kanpina.

Goizeko 11ak inguruan hasten dugu jaia, kanpineko kaleetatik diana bat eginez, oraindik lo daudenak esnatzeko asmoz. Kalejira hori udako tabernan bukatzen dugu, non bazkalordurarte ingurua girotzen jarraitzen dugun.

Bertara iristen garenean, eguerdi aldera, sagardo kupela irekitzen da. Edalontzia erosita, nahi beste sagardo edateko aukera dago. Horretarako sagardotegi mugikor bat eramaten dute Saizar sagardotegikoek.

Geroxeago urtero pertsona desberdin batek Ikurriña hagan ipintzen du, eta horren ondoren pintxo lehiaketa egiten da. Horrekin gosea pizten denez, jarraian herri bazkaria egiten dugu. Euskal Jaia bada ere, Errioxan gaudenez gero, patatak errixoar erara izaten ditugu lehen plater gisa (doan), eta bigarrena norberak etxetik eramandakoa.

Bazkariaren ondoren ekintza desberdinak izan ditugu urtez urte: Gorriti eta bere animaliak, bigantxak, herri kirol erakustaldiak, zanpantzarrak… aurten Adolfo Jainaga trikitilariaren erromeria izango dugu, 3 orduz, bazkaldu ondoren.