Emanaldia musika eskolako 50 ikaslerekin
Ustekabe Fanfarreak bere VII. urteurrena modu ezberdinean ospatuko du aurten. Juan Bautista Gisasola Musika Eskolarekin elkarlanean aktuazio berezia prestatu dugu San Andres egunerako. Musika Eskolako Banda Txiki eta Banda Nagusiko kideei zenbait partitura eman genizkien, hauek prestatu egin dituzte eta entsaio batzuk egin ditugu. Helburua, ikasle hauek fanfarrera pixkanaka hurbiltzea da, euren ikasketa prozesuan akuilu izango den hurbilketa. Erakutsi nahi diegu ikasgelatik haratago ere badagoela zereginik euren instrumentuarekin.
Musika Eskolako irakasleei gure esker ona adierazi nahi diegu eskeini diguten laguntzagatik. Saxofoi, tronpeta, perkusio, soinu, flauta, klarinete eta tronpa irakasleek klasean partiturak prestatu baitituzte. Gainera, Musika Eskolako zuzendari Elena Martín eta Banda Txikiko zuzendari Alfonsok ere laguntza handia eskeini digute, Bandako entsaioetan aktuazioa prestatu baitute. Pasa den ostiralean eta larunbatean Ustekabek antolatuta entsaioak egin ditugu, eta ikasleei merendola bat eskeini diegu.
Ostiraleko aktuazioa arratsaldeko 7etan hasiko da San Andres elizatik. Toribio Etxebarria (Dosdemayo) kalea kalejiran zeharkatuko dugu eta Untzagan emanaldi laburra eskeiniko dugu Ustekabek eta ikasleek. Musikari gazteek merienda izango dute, eta gero, arratsaldeko 8 t´etan Ustekabe Fanfarreak berak bakarrik, ikasle barik, ordubeteko poteoa egingo du GASTE Elkartearekin batera. Aktuazioaren ostean Ustekabe eta GASTEko kideek afaria egingo dugu, Ustekaberen aktuazioa GASTEren egitarau barruan baitoa. Beraz, Ustekaberen ohiko erropa beharrean, baserritarrez jantzita irtengo gara kalera. Ez da lehen aldia izango, izan ere 2003ko Sanandresetan baserritar jantziaz egin genuen aktuazioa.
Facebook-en zabaldu Twitter-en zabaldu Pinterest-en zabaldu