Joan edukira

Balmaseda: datorren igande eguerdian

2014/03/19
by

Ustekabe fanfarreak emanaldia eskainiko du datorren igandean, hilak 23, Balmasedako erdialde historikoan. Emanaldia eguerdian izango da, 13:30ak eta 14:30ak bitartean, igandeko poteoa alaitzeko asmoz.

Diapositiba1Emanaldia Balmasedako Udalarekin elkarlanean antolatu dugu, baina ez gara igandean joango: ostiraletik izango gara hiribildu bizkaitarrean. Izan ere, asteburu osoko kontzentrazioa antolatu dugu, ostiraletik igandera, lan-kontzentrazio intentsibo bat egiteko.

Ikasturte hasieran irailetik maiatzerako lan-plangintza prestatu genuen, eta hileotan gogor entsaiatu dugu. Emaitzak ikusten hasi dira, baina laster are gehiago nabarituko direla aurreikusten dugu. Urte osoan zehar lanean dihardugu, baina interesgarria iruditu zaigu asteburu oso bat trebakuntza lanetan jardutea. Horregatik, ostiraletik igandera fanfarreko kideok elkartuta egotea erabaki dugu, entsaio-ordu gehiago egin ahal izateko.

Balmasedako La Garbea menditik dabiltzanek Ustekaberen doinuak entzungo dituzte ostiral arratsaldean, larunbat goizean, larunbat arratsaldean eta larunbat iluntzean. Igande eguerdian, berriz, doinuak herriko kaleetara jeitsiko gara.

Gainera, mendi-martxa txiki bat egiteko eta La Encartada museoa bisitatzeko asmoa ere badaukagu. Lan dexente izango dugu asteburuan, eta egitaraua antolatu dugu asteburua ez dadin astunegia izan. Nolanahi ere, lanerako asteburua izango da.

Prentsa oharra (PDF): Balmaseda2014

foto

Advertisements

Aratosteak, lanerako garaia Ustekaberentzat

2014/03/10

Ustekabek hiru emanaldi izan ditu aurtengo aratosteetan: Kaldereroak, larunbatean Eibarren, eta  asteartean Aretxabaletan. Hiru emanaldietatik bik kantutegi berezia izan dute: Kaldereroak Eibarren, eta sardinaren enterrua Aretxabaletan.

EMANALDIAK

  • Eibar. Kaldereroak. Ostirala 28, 19:00-21:00.
  • Eibar. Larunbata 1, 18:00-21:00.
  • Aretxabaleta. Asteartea 4, 10:00-21:00.

Eibarko Ustekabe fanfarreak aratoste beteak izan ditu. Hasiera ostiralean izan zuen, Kaldereroetan, hurrengo egunean Eibarko erdialdean aritu zen, eta asteartean Aretxabaletan, egun osoz.

Azken urteotan bezala, Kaldereroetan parte hartu dugu aurten ere. Hori dela-eta, aurreko asteotan entsaio berezi asko egin genituen. Izan ere, Kaldereroetako abestiak urtean behin baino ez ditugu jotzen, eta hortaz, urte hasiera kantu horiek prestatzeko garaia izaten da. Comparsa de Caldereros, Caldereros Húngaros en el Trabajo, Calderones, Kauterak…

Kaldereroak, Bandako kideekin

Duela zenbait urte, Ustekabek beharrean, Eibarko Bandako zenbait kidek antolatutako txarangak egiten zuen Kaldereroetako emanaldia. Dagoeneko badira hainbat urte emanaldi honen ardura Ustekaberen esku geratu zela. Iragan horri erreferentzia eginez, azken urteotan Bandako musikariak gonbidatu izan ditu Ustekabek. Aurten ere egitearen ondorioz, flauta eta flautina ere izango dira.

Indarrak berreskuratu, eta gehiago

Emanaldia amaitutakoan, haragi-festa gastronomikoa izan genuen, hainbat haragi motaz osatutako afaria izan baikenuen. Goizeko 4ak arte jo ta sua aritu zen parrilla. Ondo etorri zitzaigun, indarrak berreskuratzeko, hurrengo egunean kalera itzuli baikinen: kale berdinetan aritu ginen, baina ordungoan aratosteetako emanaldi arrunta eginez.

Horretarako, 30 blusoi berde berri erosi ditu Ustekabek, eta askotariko kolorez jantzita irten ginen larunbatean, 18:00etan Estaziñotik abiatuta. Kolore horiek albo batera utzi genituen, ordea, asteartean. Izan ere, hirugarren urtez, Aretxabaletako Sardinaren Enterruan aritu ginen.

Danborrada 2014: Donostiako erdialdean

2014/01/17
by

Eibarko ordezkaritza bat Donostiako danborradan izango da, San Sebastian egunean, datorren astelehen goizaldean (igande gauean, 1:30etatik 5etara). Izan ere, bertan arituko da Ustekabe, Eibarko fanfarrea.

Azken bi urteotan Altzan aritu izan gara. Aurten, berriz, konpainia berri batekin joango gara, eta Donostiako erdialdean hartuko dugu parte, Antonio Bar elkartearekin.

Ibilbidea

02:00 Bar Antonio, C/Bergara, Peñaflorida, Elkano
02:45 Boulevard, Museo Del Whisky
03:15 Boulevard, Igentea
03:45 Hernani, San Marcial, Easo, Arrasate
04:45 Blas De Lezo

PRENTSA OHARRA / Nota de prensa en euskera y español (pdf)

Estatutuak euskaratu ditugu

2013/12/16
by

Ustekabe fanfarreak bere Estatutu sozialak euskaratu ditu. Sorreran, beste elkarte bateko eredua hartuta egin ziren elkartearen Estatutuak, eta aurten Estatutu berria onartu du Ustekaberen Batzar Orokorrak, hiru helbururekin:

  1. Bazkideek hala erabakita, elkartearen funtzionamendua hobetzeko hainbat aspektu: zuzendaritza taldearen osaera eta iraupena aldatzea, eskumen batzuk zehaztea, eta abar.
  2. Aurreko Estatutuak zaharkituak zeuden, eta testua eguneratu beharra zegoen bat egiteko ekainaren 22ko 7/2007 Legearekin.
  3. Estatutuak gaztelania hutsez zeuden, eta horiek euskaratzea aspalditik geneukan agendan.

Duela zenbait hilabete lan horri ekin genion, eta dagoeneko Jaurlaritzaren Elkarteen Erregistroak ontzat eman ditu Ustekaberen Estatutu berriak: elkartearen errealitatea kudeatzeko aproposagoak, egungo Legeen arabera eguneratutakoak, eta euskara hutsezkoak.

Gainera, Estatutuak aldatzearekin bat, Elkartearen izen ofiziala aldatu du Ustekabek. Lehengo izena zen Asociación Juvenil Musical Fanfarre Ustekabe, eta oraingoa da “Ustekabe Fanfarrea” Gazte Musika Elkartea.

Euskararekiko konpromiso argia

Ustekabe fanfarreak, bere sorreratik, euskararekiko konpromiso argia erakutsi izan du. Hori hainbat ekintzatan islatu da urte guzti hauetan:

  • Estatutuetan, helburu gisa aitortuta: ” Elkartarekin harremanetan dauden ekintzetan euskararen erabilpena bultzatzea”. Orain, gainera, Estatutuak eta Elkartearen izen ofiziala euskara hutsez erregistratuta. Lehenagotik ere, “Ustekabe txaranga” edo “Ustekabe fanfarrea” izan dira gure markak, eta ez “Txaranga/Charanga/Fanfarre Ustekabe”. Gaztelaniazkoa erabili dugu gaztelaniazko komunikaziorako, baina ez erropan, logoan, estandartean edo bonboan jartzeko.
  • Komunikazio publikoak euskaraz eginez: bai elebidun, bai nagusiki euskaraz, bai euskara hutsez. Hala egin izan da izenaren aukeraketan, prentsa-oharretan, sare sozialetan, emandako hitzaldi publikoetan, zozketen rifetan, karteletan, eta abar.
  • Barne-harremanak euskaraz eginez. Euskara izan da, hasieratik, Ustekaberen lan-hizkuntza.
  • Kantu euskaldunak lantzen: bere kantutegi propioa lantzen du Ustekabek, partiturak eginez. Musika mota guztiak lantzen badira ere, garrantzia berezia du euskal musikak.
  • Euskararen aldeko ekimenetan, modu anitzetan parte hartzen (Ikastolako olinpiadak, Euskararen Astea La Sallen, Korrika AEKrekin, Euskararen Eguna…).
  • Eibarko euskaraz idatzitako egutegiak argitaratu eta doan banatzen.
  • Berria sortzeko dirua jartzen.
  • Eta kitto Euskara Elkartearen Kittonbola! laguntzeko dohaitza bat egiten.
  • Bonboan, euskararen aldeko pegatinak jarriz.
  • Fakturak euskara hutsez edota elebidun eginez.

Konpromiso horri eusten zaiola islatzen du egin berri diren aldaketa burokratikoek. Elkartearen helburu nagusia da gazteen arteko musikaren promozioa, eta herritarrei eskeintzea fanfarreko instrumentuekiko hurbilketa. Baina hori euskaraz egin baldin badezakegu, askoz hobe!

Gabonetako zozketa

2013/12/04

XV. urteurrenerako finanziaziño apur bat lortzeko, gabonetako otar bat zozketatzera goiaz. Euro batian erosi zeinkie, txarangako kideren bati edo ondorengo lekuetan (zerrenda eguneratzen jungo gara):

  • Isasi okindegia (Ego-Gain)
  • Oberena harategia (Bidebarrieta)
  • Sokoa (Birjiñape)
  • Depor (Toribio Etxeberria)
  • La Eibarresa okindegia (Errebal)
  • Etxegiña (Bittor Sarasketa)
  • Bacoleku (Ego-Gain)
  • Mahatsondo (Isasi)
  • Kultu (Zuloagatarren)
  • Birjiñape (Toribio Etxeberria)
  • Agiñaspi (Urkizu)
  • Manuel “Juanito” (Urkizu)
  • Urkizu taberna (Urkizu)
  • Sagar-Bitza (Urkizu)
  • Astelena (Estaziño)
  • Maixa (Kalbetoi)
  • Ez Dok (Toribio Etxeberria)
  • Kili-Kili (Ibarkurutze)
  • Ambigu (Julian Etxeberria)
  • Pozkari (Julian Etxeberria)
  • Premier Bidaiak (San Agustin)
  • Valle (Estaziño)
  • Iturri (Ibarkurutze)
  • Bodega (Urki)
  • Unbe (kirolguneko taberna)
  • Txistu (Kalbetoi)
  • Tas-Tas (Julian Etxeberria)
  • Albert
  • Diana

Sanandresak eta Santa Zezilia, larunbatean

2013/11/20
elorrio

Elorrio, Feria Nagusia 2013

Larunbatean, azaroak 23, 3 orduz arituko da Ustekabe, Eibarko txaranga, herriko kaleak alaitzen. Sanandresen aurreko larunbatean arituko da, Txirrindulari Elkarteak antolatutako txistorra egunarekin bat eginda eta, kasualitatez, Eibarko Bandaren Santa Zezilia Serenata baino ordu gutxi lehenago.

Emanaldia: larunbata, azaroak 23, 17:30

Ohitura bilakatu da dagoeneko. Bai Eibarko Udalaren ekimenez, bai Txirrindulari Elkartearen ekimenez, ia-ia urtero aritu izan da Ustekabe Fanfarrea herriko kaleak animatzen, Sanandresen aurreko larunbatean. Aurten ere hala izango da, Eibarko Udalak kontratatuta, eta egun berezia izango da gainera: Santa Zezilia asteburuan bertan denez, egun berean izango da Ustekaberen Sanandresetako emanaldia eta Eibarko Bandaren serenata.

Fanfarreko kide asko Bandako musikari ere bagarenez, apenas izango dugu astirik instrumentua gordetzeko. Afalorduan praka txuriak kendu eta Bandako uniformea jantzi eta berriro irtengo gara kaleak alaitzera.

Sanandresetako emanaldiarekin, urteurrena ospatu ohi dugu. Aurten dagoeneko 13 urte betetzen ditugu, eta denbora luzea falta baden arren, hasiak gara XV. urteurrenerako finantzazio-bila. Hori dela eta, larunbatean gabonetako rifak salduko ditugu, euro batean. Gabonetako otar bat zozketatuko dugu, Loteriaren zenbaki saridunarekin bat egiten duenarentzat.

Sorotan Beleren mix berria

Sanandresetakoa lehen emanaldia izango da 2013-2014 denboraldian. Aurreko denboraldia irailaren 7an amaitu genuen, Elorrion, eta ordutik hona ez dugu emanaldirik egin. Hala ere, lanean jarraitu dugu. Emanaldi gehienak uda partean izaten dira, eta urtean zehar daukagun jarduna isilagoa izaten da, entsaiatzen egoten baikara uda prestatzeko. Hala ere, egindako lanaren fruituak ikusten hasi gara dagoeneko. Izan ere, larunbatean kantu berri bat estreinatuko dugu. Hamar urte daramatzagu gure kantutegi propioa pixkanaka lantzen, eta larunbatean produkzio propio horretako kantu berri bat estreinatuko dugu. 90. hamarkadako Sorotan Bele taldearen kantu ezagunenetakoak potpurri batean bildu ditugu, eta uste dugu emaitza jendearen gustukoa izango dela. Morrisonen Dantza, Uso Zuria eta Arratsalde Honetan kantuek osatzen dute mix hori.

Oraingoz ez da denboraldi berrian kide berririk sartu, baina aurrekoan zehar 6 sartu ziren eta Sanandresetako emanaldia izan ohi da horien aurkezpen ofiziala. Hain zuzen ere, honako hauek izan dira: Markel Corral, Asier Rodriguez eta Xabier Hernando (perkusioa), Marina Aperribay eta Marta Garin (saxofoia); eta Unai Cabanzon (tronpeta).

Larunbatean irekiko den emanaldia emankorra izatea espero dugu. Hemendik maiatzerako lan-plana diseinatu dugu eta udarako jauzi kualitatibo nabarmena aurreikusten dugu.

Prentsa oharra (pdf): Sanandresak2013

Carlos Sánchez-Barba: hamaika urteko lanaren aitortza

2013/10/15

Carlos Sanchez Barbak 11 urte daramatza Ustekabe fanfarrearentzat kantuak moldatzen. Ustekaberen kantu-moldatzaileak eta Eibarko Musika Bandako zuzendariak, azken urteotan fanfarre eibartarrarentzat egindako hainbat kantu bildu, Bandarako armonizatu eta Ustekaberi eskaini zion iragan igandeko kontzertuan. Ustekabe fanfarreak plaka oroigarri bat eskaini zion igandean, kantua eskertzeko eta azken 11 urteotan egindako lana aitortzeko.

Duela hamaika urte, Ustekabeko hainbat kide bezala, Eibarko Bandako musikaria zen Carlos Sanchez Barba. Zuzendariorde izendatu zuten gero, eta Bandako zuzendaria da gaur egun. Zuzentzeko gaitasunaz gain, abilezia berezia du partiturak egiteko. Hainbat konposizio egin izan ditu berak: “Ciudad de Eibar” pasodoblea, “Txirrindularien Txirrina”, edo “Ustekabe” abestia, besteak beste.

Hamaika urteotan dozenaka partitura egin ditu fanfarre eibartarrarentzat: “Solo vivir” (Skalariak), Sinosuke, Gau Ibilera, I Will Love Again (Lara Fabian), Livin´ on a prayer (Bon Jovi), Hoy duerme el León, Rock and Roll Radio (Ramones)… eta hainbat potpurri ere bai: “The Blues Brothers Blows” (Everybody Needs Somebody To Love, Do you love me?), “Tributo a los 80” (“Historia triste” Eskorbuto, “Eh txo!” Hertzainak, “Lepoan hartu” R.I.P.,  “Txus” La Polla Records), “Trikimix (“Emakume jaio nintzen” Maixa ta Ixiar, “Kalanbreak” Gozategi, “Txanpon baten truke” Alaitz eta Maider, “Eskurik eskuekin” Etzakit), Kontrabandak, “Ustekabe Telebista” (Mamu harrapariak, Doraemon, Dragoi Bola)

 

Sánchez-Barba, Ustekaberekin tronpeta jotzen

Momentu zaila bizi izan zuen Ustekabe fanfarreak 2002. urtean, hainbat kidek taldea utzi behar izan zutenean. Txaranga sortzeko egindako ahalegina bertan behera ez uzteko eskatu zien orduan Carlos Sanchez Barbak garai hartako kideei, eta bere laguntza eskaini. Baita eman ere. Dozenaka lagun sartu eta irten dira geroztik Ustekaben, eta hamaika urteotan Carlosek lanean jarraitu du, itzalean: partiturak egiten, entsaio batzuk zuzentzen, beharrezkoa denean kalean gurekin jotzen…

Carlos Sánchez Barba Ustekabeko kideekin 2003ko otsailean, Legazpiko aratosteetan

PLACA-carlos

Plakan grabatutako irudia

Ustekaberentzat lan horri ekin zionean “txaranga sinfoniko” kontzeptua jarri zuen mahai gainean. Ordutik hona, Ustekaberen musikalitatea eta musika-kalitatea nabarmen hobetu da Sanchez Barbari esker. Hori gutxi ez, eta berak Ustekaberentzat egindako hainbat kantu ”Euskal Jaia” izenburupean batu eta Ustekabe fanfarreari eskaini zion igandean. Musika Bandaren kontzertuan entzuteko aukera izan zen, eta orain Youtuben ere badago ikusgai. Eskertzeko, eta urteotako lana aitortzeko, Ustekabek plaka bat oparitu zion Sánchez-Barbari.

 

Ustekabe fanfarreak bere esker ona publikoki adierazi nahi dio Carlos Sanchez Barbari, urteotan fanfarreari emandako laguntzagatik. ESKERRIK ASKO, CARLOS!

Ustekabeko kide eta kide-ohiak, Eibarko Bandaren kontzertuaren ondoren Carlos Sánchez-Barbarekin, eskuan plaka jaso berria duela.

Ustekabeko kide eta kide-ohiak, Eibarko Bandaren kontzertuaren ondoren Carlos Sánchez-Barbarekin, eskuan plaka jaso berria duela.