Kalejira larunbatean: sanandresak eta kilometroko txistorra

2011-11-24 By

Udan jairik jai ibiltzen garenez, udazken hasieran egin ohi ditugu oporrak, eta Sanandresekin ekiten diogu ikasturte berriari. Halaxe izango da aurten ere: krisiak aurrekontuak gogor jo arren, Txirrindulari Elkarteak berriro ere egingo du kilometroko txistorra larunbatean, eta guk ere hor egon nahi izan dugu.

Horretara, larunbat arratsaldean kalejira bat egingo dugu arratsaldeko 7etatik aurrera. Ohi baino laburragoa izango da, ordubete inguru, baina horrekin kaleko giroa apur bat berotuta utziko dugulakoan ekingo diogu. Kalejira arratsaldeko 7etan hasiko da Estaziño kaleko tren geralekutik, eta bertatik Toribio Etxeberria (Dos de Mayo) kalera joango gara. Kale animazioa Toribio Etxebarria, Untzaga plaza eta Kalbetoi kaleen inguruan egingo dugu, poteo-gunean hain zuzen.

Ikasturteari hasiera honekin emanda, laster beste aktuazio batzuk iragarriko ditugu.