Kalejira Ipuruara eta akzio-erosketa

2014-05-23 By
  • El Diario Vasco egunkariak Ustekabe kontratatu du, Eibar-Alavés derbiaren aurreko orduak animatzeko.
  • Guk jasotako diru guztia erabiliko dugu Eibar K.E.aren akzioak erosteko.

Ustekabe fanfarreak Eibarko kaleak alaituko ditu datorren maiatzaren 25ean, igandearekin, 17:30ak eta 20:00ak bitartean (partida hasi bitartean). Emanaldia El Diario Vasco egunkariak kontratatuko du, Eibar-Alaves partidaren aurreko orduak girotzeko asmoz, eta fanfarreak fakturatutako guztia erabiliko du Eibar Kirol Elkartearen akzioak erosteko.

Ekimena El Diario Vascoren (DV) eta Ustekabe fanfarrearen arteko elkarlanaren ondorio da. Ustekabe fanfarreak duela zenbait aste eskaintza komertziala egin zion Eibar Kirol Elkarteari, eta DVk eutsi dio proposamenari. Klubaren alde egiteko asmoz, DVk Ustekabe fanfarrea kontratatu du kale-giroa sortze aldera, eta fanfarrearen tarifa osoa ordainduko du. Trukean, fanfarreak jasotako diru osoa akziotan inbertituko du. Zehazki, 23 akzio erosiko ditu Eibarko Ustekabe Fanfarrea Gazte Elkarteak.

Estaziño kalean hasiko da emanaldia, 17:30etan. Kalejiran Untzaga ingurura igoko da Ustekabe txaranga, eta 18:30etan Eibarko laguntaldeekin batera kalejira handia egingo da Ipuruara. Futbol zelai inguruan arituko dira gero. Aktuazioa partida hasi baino minutu gutxi lehenago amaituko da, eta futbol partidako animazioa txarangarik gabe izango da, klubaren erabakiz.

Konpromisoa klubarekin

Ekimenarekin, Ustekabe fanfarreak berretsi egiten du Eibarko herriarekiko eta Eibar Kirol Elkartearekiko konpromisoa, urteetan zehar hainbat modutan erakutsitakoa. Izan ere, Ustekabek bere sorreran hainbat futbol partida animatu zituen. Gero, Jaime Barriuso klubeko presidente izendatu zutenean, bere ekimenez denboraldi bakarrean 12 partidatan aritu ginen. Azken hamar urteotan hainbat aldiz hartu du parte Ustekabek laguntaldeekin, klubarekin edo tabernariekin. Iazko igoera ospatzeko hainbat tabernaren ekimenez, fanfarrea kale-giroa alaitzen aritu zen.

Gainera, gure ekimen propioz ere jardun izan gara. Iaz, adibidez, Eibar-Athletic partidaren aurretik kalejira egin genuen Ipuruara. Igoeraren ospakizunean, bestalde, jokalarien atzetik joan ginen Estaziñotik Untzagaraino. Iragan apirilean, fanfarretik proposamena egin genion Eibar Kirol Elkarteari: kontratatuz gero, diru osoa akzio-erosketarako izatea. Pozik gaude lortutakoarekin. Jakin badakigu gure laguntzak ez duela Eibar K.E.aren egoera onbideratuko, baina bide horretan lagungarri izan daitekeelakoan gaude. Gainera, Ustekabek beti babestu du Eibar Kirol Elkartea, eta babes hori gauzatzeko formulak aztertzeko prest egongo gara beti.

Aupa Eibar!