Skip to content

Estatutuak euskaratu ditugu

2013/12/16
by

Ustekabe fanfarreak bere Estatutu sozialak euskaratu ditu. Sorreran, beste elkarte bateko eredua hartuta egin ziren elkartearen Estatutuak, eta aurten Estatutu berria onartu du Ustekaberen Batzar Orokorrak, hiru helbururekin:

  1. Bazkideek hala erabakita, elkartearen funtzionamendua hobetzeko hainbat aspektu: zuzendaritza taldearen osaera eta iraupena aldatzea, eskumen batzuk zehaztea, eta abar.
  2. Aurreko Estatutuak zaharkituak zeuden, eta testua eguneratu beharra zegoen bat egiteko ekainaren 22ko 7/2007 Legearekin.
  3. Estatutuak gaztelania hutsez zeuden, eta horiek euskaratzea aspalditik geneukan agendan.

Duela zenbait hilabete lan horri ekin genion, eta dagoeneko Jaurlaritzaren Elkarteen Erregistroak ontzat eman ditu Ustekaberen Estatutu berriak: elkartearen errealitatea kudeatzeko aproposagoak, egungo Legeen arabera eguneratutakoak, eta euskara hutsezkoak.

Gainera, Estatutuak aldatzearekin bat, Elkartearen izen ofiziala aldatu du Ustekabek. Lehengo izena zen Asociación Juvenil Musical Fanfarre Ustekabe, eta oraingoa da “Ustekabe Fanfarrea” Gazte Musika Elkartea.

Euskararekiko konpromiso argia

Ustekabe fanfarreak, bere sorreratik, euskararekiko konpromiso argia erakutsi izan du. Hori hainbat ekintzatan islatu da urte guzti hauetan:

  • Estatutuetan, helburu gisa aitortuta: ” Elkartarekin harremanetan dauden ekintzetan euskararen erabilpena bultzatzea”. Orain, gainera, Estatutuak eta Elkartearen izen ofiziala euskara hutsez erregistratuta. Lehenagotik ere, “Ustekabe txaranga” edo “Ustekabe fanfarrea” izan dira gure markak, eta ez “Txaranga/Charanga/Fanfarre Ustekabe”. Gaztelaniazkoa erabili dugu gaztelaniazko komunikaziorako, baina ez erropan, logoan, estandartean edo bonboan jartzeko.
  • Komunikazio publikoak euskaraz eginez: bai elebidun, bai nagusiki euskaraz, bai euskara hutsez. Hala egin izan da izenaren aukeraketan, prentsa-oharretan, sare sozialetan, emandako hitzaldi publikoetan, zozketen rifetan, karteletan, eta abar.
  • Barne-harremanak euskaraz eginez. Euskara izan da, hasieratik, Ustekaberen lan-hizkuntza.
  • Kantu euskaldunak lantzen: bere kantutegi propioa lantzen du Ustekabek, partiturak eginez. Musika mota guztiak lantzen badira ere, garrantzia berezia du euskal musikak.
  • Euskararen aldeko ekimenetan, modu anitzetan parte hartzen (Ikastolako olinpiadak, Euskararen Astea La Sallen, Korrika AEKrekin, Euskararen Eguna…).
  • Eibarko euskaraz idatzitako egutegiak argitaratu eta doan banatzen.
  • Berria sortzeko dirua jartzen.
  • Eta kitto Euskara Elkartearen Kittonbola! laguntzeko dohaitza bat egiten.
  • Bonboan, euskararen aldeko pegatinak jarriz.
  • Fakturak euskara hutsez edota elebidun eginez.

Konpromiso horri eusten zaiola islatzen du egin berri diren aldaketa burokratikoek. Elkartearen helburu nagusia da gazteen arteko musikaren promozioa, eta herritarrei eskeintzea fanfarreko instrumentuekiko hurbilketa. Baina hori euskaraz egin baldin badezakegu, askoz hobe!

Advertisements
No comments yet

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: