Ustekabe Fanfarrea

2010/07/30

VI. Euskal Jaia 2010, Camping de La Rioja

Filed under: aktuazioak — mendicute @ 11:34 am

La charanga Ustekabe en Castañares de Rioja
6. urtez Euskal Jaia egingo dute bihar Errioxako Castañares herrian dagoen kanpinean. Haro eta Santo Domingo dira inguruko herri ezagunenak, eta tartean dauden Casalarreina eta Castañares herrien erdian dago kanpin hau, Ezkaraira bidean: Camping de La Rioja. 2005. urtean izan zen Euskal Jaiaren lehen edizioa, eta ordutik urtero egon izan gara bertan.

Fanfarrearen aktuazioaz gain, trikitilariak, pintxo lehiaketa eta sagardo kupela izaten dira. Beste batzuetan bertan izan dira, baita ere, Gorriti eta bere animaliak edo Bihurri aizkolariarekin herri kirolak.

2010/07/25

Blusa Eguna 2010, there we go!

Filed under: aktuazioak — mendicute @ 4:13 am

Gaur, Santiago egunez, jaiak dituzte Eibar inguruko hainbat tokitan. Goimendi (Elgeta-Bergara), Ermua eta Soraluze (Santanak) besteak beste. Baina horietaz aparte, ospakizun dexente dago gaur Euskal Herri osoan zehar; besteak beste honako herrietan daude jaietan:

Billabona, Busturia, Derio, Astigarraga, Tutera, Gares, Gorliz, Elizondo, Donapaleu, Soraluze, Barakaldo, Pasai Donibane, Ispaster, Etxebarria… eta baita Ordizia eta Gasteiz.

Duela urte batzuk izan ginen Ordiziko jaietan, eta 2004tik hona urtero izan gara Gasteizen. Gaurkoan ez dute gauza bakarra ospatzen, bi dira gaurko egunez Gasteizen ezagunen diren bi ekitaldiak:

  • Berakatz (baratxuri) azoka
  • Blusa eguna

Nondik datoz Gasteizko blusak? Azalpena iaz eman genuen.

Goizeko 7,45etan gaude geratuta, izan ere 9etan hasiko gara jotzen Gasteizko erdialdean eta gure doinuek gauerarte beteko dituzte Gasteizko kaleak. Aktuazio oso gogorra da, oso luzea, baina baliagarria baita ere Andre Zuriaren jaietarako prestatzeko, abuztuaren 5etik 9ra Gasteizen izango baikara aurten ere, eta hori ere ez da makala izango.

Blusa eta Nesken koadrilen komisioak prestatu duen egitaraua Los Alegrios koadrilaren blogean.

2010/07/05

Aktuazioa Zaldibarren

Filed under: aktuazioak — mendicute @ 4:35 pm
Tags:

Iragan asteburuan Elgetan izan ondoren, gure hurrengo aktuazioa Zaldibarko jaietan izango da asteazkenean, bi ordu t’erdiz. Aktuazioa 19,30etan hasi eta 22,00etan bukatuko da. Txupinazoarekin batera hasiko da emanaldia, eta tartean odoloste-jana eginda, kontzertuak hasi aurretik afalordurako tartea utzita emango zaio amaiera emanaldiari.

Hauxe da egun horretarako Zaldibarko jaietako egitarau osoa:

Uztailak 7 – Eguaztena

10:00 – 14:00 Bizi Letra maratoia.Irteera: liburutegitik

19:00 Herriko jendeak donien-atxa ipiniko du.

19:15 Jaietako kartelen lehiaketako sari-banaketa udaletxean

19:30 Jaien hasiera iragartzeko, udaletxetik txapligua jaurtiko du Ane Alberdik:

– Euskadiko arku tiro txapelketako txapelduna, aretoko eta atari zabaleko modalitatean

– Europako arku tiro txapelketako txapeldunordea, minusbaliatuentzako aretoko modalitatean

Gero kalejira Koral elkarteko trikitilariekin eta buruhandiekin.

19:30 Ustekabe txaranga

20:00 Odoloste-jana Bekoetxe kalean.

23:00 Herriko taldeekin, Rock kontzertuak txosna gunean

Egitarau osoa Zaldibarko Udalaren webgunean eskuragarri. Deskargatu pdf-a

Udako egutegia Eibarko Umeen danborrada eginda ireki zen, eta Zaldibarko jaien ondoren, Errioxa eta Gasteizera irteerak ere etorriko dira.

Eibartik joateko, trena

Eibartik bertara joan nahi duenak tren zerbitzua erabili dezake. Trenak orduro irtetzen dira Eibartik 6,13 eta 22,13 bitartean. Zaldibartik Eibarrera bueltzeko trenak daude orduro 06,52 eta 21,52 artean. Tarteka tren gehiago ere badaude (ordutegiak euskotren.es webgunean kontsultatu daitezke, deskargatu pdf-an).

2010/06/22

Hamargarren danborradaren bila!

Filed under: aktuazioak — ustekabe @ 10:12 am
Tags: , , ,

Ustekabek bere 10. danborrada egingo du aurtengo San Juan egunean. Diana, Donostiako Martxa, Mutriku Herria, Iriyarena… urtero urtero errepikatu ditugu, 2000. urte bukaeran 16 gaztek fanfarrea sortu zutenetik. 2001eko Sanjuanak izan ziren Ustekaberentzat lehenengoak, eta urte hartan bertan izan zen Ustekaberen I. Danborrada. Ordutik, urtero urtero ibili gara umeen danborradari soinua jartzen, Oria txarangarekin batera.

Ustekabe fanfarreak publikoki eskerrak eman nahi dizkie Danborradaren antolakuntzan dabilen komisioari eta berarekin batera Eibarko Udalari, hasiera-hasieratik Ustekaberengan jarritako konfidantzagatik. Eibarko Danborradak eta beste hainbat elkartek gugan jarri duten konfidantzak lagundu digu urte guzti hauetan aurrera egiten.

Ustekabe Juan Bautista Gisasola Musika Eskolako 16 ikaslek osatu zuten duela 9 urte t’erdi. Gazteenak 15 urte eta nagusienak 18 urte zituzten garai hartan, eta gaur egun 14 eta 27 urte artekoek osatzen dugu. Abenduan beteko ditu Ustekabek 10 urte, IX. Urteurrenean gaude aurten, baina 0. urtetik zenbatuta aurtengoarekin 10 danborrada izango dira. Ospakizun ofizialak Sanandresen aurretik egitea espero dugu.

2010/06/07

Gipuzkoako bertso eskolen eguna Eibarren

Filed under: aktuazioak — ustekabe @ 12:14 pm
Tags: , ,

Apirilean Gipuzkoako Bertso Eskolen jaialdia alaitzen aritu ginen: Untzaga plazan lehenengo, eta Coliseora kalejira eginda ondoren. Eguraldiak ere lagundu zuen, eta giro polita izan genuen Eibarko kaleetan. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteari esker Oroitz Azurmendiren argazkiak ekarri ditugu gure webgunera.

2010/02/17

Elurra mara-mara jo genuen larunbatean

Filed under: aktuazioak — mendicute @ 4:21 pm
Tags: , , , ,

Atzoko egunez, agur 2010eko aratosteei. Guk aktuazio bakarra egin dugu aurten: larunbatean. Arratsaldeko 6etan hasi genuen kalejira Estaziño kaletik. Gazte gutxi batzuk han zeuden, gure zain. Errepidea moztu eta Txantxillo kalejirarekin abiatu ginen Errebaleko gure egoitza ohiaren hondakinetara iritsi arte. Kantua aldatu eta aurrera, Julian Etxeberria eta Toribio Etxeberria kaleetan gora, Untzagararte. Elurra jasaten egin genuen kalejira osoa! Toribio Etxeberrian kantu batzuk jo ondoren, Kalbetoi kalera joan ginen, Untzagatik jotzen pasa gabe.

Musika zegoen Untzagan, aratosteetarako jarritako karpan, eta han zegoen DJari bere lana egiten utzi genion. Kalbetoi kalera joan ginen gu, inguru horiek alaitzera. Hurrengo egunean txistulariek lokalizazio bera aukeratu zuten, elurretatik babesteko. Errepertorioari errepasoa ematen hasi eta konturatu ginenerako arratsaldeko 7,30ak ziren! Eztarria busti eta kalejira abiatu genuen Urkizura.

(gehiago…)

2010/01/20

Aratosteak 2010: emanaldia Eibarren

Filed under: aktuazioak — ustekabe @ 11:53 am
Tags: ,

Iaz ez bezala, aurtengo aratosteetan kalera irtengo da Ustekabe Fanfarrea berriro. Beste urte batzuetan Eguen Zuri (osteguna) egunean jo izan dugu Eibarren, eta larunbatean beste herriren batean. Aurten aktuazio bakarra aurreikusten dugu aratosteetan, eta larunbatean izango da hain zuzen, Eibarren, arratsaldeko 6etatik 9etara.

2009/08/28

Bergarako Sanmartinetan egongo gara

Filed under: aktuazioak — ustekabe @ 5:00 pm
Tags: , ,

Ez da Bergaran jotzeko izan dugun lehen aukera, baina tamalez, arrazoi bat edo beste tarteko, orain arte ez dugu bertan jotzeko aukerarik izan. Baina iritsi zaigu herri honetako kaleak ere alaitzeko garaia: gure hurrengo aktuazioa bertan izango da, irailaren 12an; hasi eguerdiko 12etan eta bukatu, bertan bazkaldu ondoren, arratsaldeko 7ak arte arituko gara. Irailaren 16an San Martin eguna ospatzen dute Bergaran, eta horren aurreko larunbatean feria egiten dute.

“San Martin Agirre bergarar santu martiriaren omenezko jaiak irailaren 16an biltzen dira; San Martin eguneko aurreko larunbatean feria egiten da, eta bertan eskualdeko barazki, fruitu, gazta eta loreen lehiaketa irekia izaten da. Azokaz gain, haur eta helduen danborrada eta suzko erruberak ere izaten dira.”

Iturria: Bergara.net

Pixkanaka gero eta herri gehiagotara eraman dugu Eibarko herriaren izena gure doinu alaien bidez, eta piskanaka gure ibilbidearen mapa txintxetaz betetzen ari gara, Gipuzkoa eta Bizkaian batez ere. Gure fanfarre hau zure herriko jaietara eramateko hemen dituzu harremanetarako datuak.

2008/05/30

Ustekabe fanfarreak ez du emanaldirik San Juan egunerarte

Filed under: aktuazioak,prensa — ustekabe @ 12:28 pm
Tags: , , , , ,

Eibarko prentsa lokalean esan zaigu Ustekabek Urkiko jaietan joko duela gaur. Azken urteotan behin faltatu izan gara auzo honetako jaietara, eta aurten bigarren aldiz faltatu behar izango gara. Zailtasun desberdinak izan ditugula-eta, Urkiko Jaietako Komisioarekin hitz eginda egokiagoa ikusi dugu beste fanfarre batek egitea gaurko emanaldi hori.

Hala ere, badirudi programaren baten informazio okerra ageri dela, eta gure izena ikusi dugu hainbat komunikabidetan. Gure aldetik ez dugu informazio hori inon iragarri, baina hala ere barkamena eskatu nahi diegu gaur Urkira hurbiltzen diren gure zaleei.

Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiogu Urkiko Jai Batzordeari antolatzen dituen jaiengaitik eta, batez ere, gugan urtero jartzen duen konfidantzagaitik.

Emanaldiei dagokienez, gogorarazi nahi dugu aktuazioak ditugunean webgunean jakinarazten ditugula. Bukatzeko, gogorarazi nahi dugu Ustekabe irekita dagoela parte hartu nahi duten musikari gazteei. Nahi duena gurekin harremanetan jar daiteke.

2008/01/31

Aratoste-pregoia guk

Filed under: aktuazioak — ustekabe @ 6:30 am
Tags:

Aurtengo Eibarkoaratosteetako pregoia Ustekabe fanfarrearen esku izango da, ostiralean arratsaldeko 9etan. Izendapena etakitto! Euskara Elkarteak egin du, hau baita pregoia antolatzeaz urtero arduratzen den kolektiboa. Ustekabeko kideok ilusio handiz hartu dugu proposamena. Fanfarreak Kaldereroetan parte hartzen du eta, beraz, pregoiaren momentuan Plazan egotea aurreikusi arren, ez genuen espero horrelako proposamenik. Emozioa eragin digu eta gustu handiz hartuko dugu parte.

2006ko kaldereroak. Felipe Loyola, Kezka.Ustekabek Kaldereroiei doinuak jarriko dizkie aurten ere. Aratosteetan ez dugu beste aktuaziorik egingo. Fanfarreako kide gehienak ikasleak gara eta azterketa-garaian gabiltza. Hori izan da oztopo nagusia, gu fanfarrean bagaude gozatzeko baita, eta azterketak gainean ez genuen ikusten gozamendurako aukera larregirik. Horretara, aktuazio guztiak ukatzea erabaki dugu. Aurtengo aratosteetan egingo duen aktuazio bakarra Kaldereroena izango da. Pozik hartzen dugu parte eta Kezka Dantza Taldeari eskertzen diogu gurekin kontatu izana.

Maitane gogoan
Duela urtebete hil zen Maitane Castillo, Fanfarreako kidea, eta Kezkako dantzaria, 18 urte zituela. Datak horrela iritsi dira, eta lehen urteurrenak aratosteekin bat egiten du. Pregoia omenaldi xume bat izango da, ekitaldi oroigarri bat. Berari eskeini nahi diogu pregoi hau.

Afaria Untzagan
Kaldereroak amaitutakoan, Ustekabe fanfarreako kideek Untzaga Plazan dagoen karpan egingo dugu afaria. Hainbat urtez eskatu dugu karpa egon dadila, eta orain badagoela, eskatutakoarekin koherentziaz, bertan egingo dugu afaria. Ustekabe fanfarreatik eskerrak eman nahi dizkiogu Club Lambrettari, afaria antolatzeko izan duen prestutasunagatik.

Argazkia: Felipe Loyola. Kezka Dantza Taldea. Copyright.

Kaldereroen ibilbidea Eibarren (mapa)

Hurrengo Orria »

Blog at WordPress.com.