Bukatu dira Gasteizko jaiak, eta itxi dugu honezkero 2007-2008 denboraldia. Asko eman du kurtsoak, egoitza aldaketaz hasi genuen, jende berria sartu da, Musika Eskolako 50 ikasle atera genituen kalera, Burrunbazale txarangan lagunak egin ditugu, berriro ere Gasteizko jaietako txaranga jendetsuena izan gara, abesti berriak sartu ditugu…
Bideoa: Musika Eskolako ikasleekin egindako emanaldia (2007/XI/30):
Orain oporrak iritsi zaizkigu. Guk ere atsegin dugu beste txaranga batzuen atzetik dantzan ibiltzea, eta horretan, eguzkia hartzen edo liburutegiko aulkia berotzen emango ditugu datozen asteak. Ustekabe oporretan dago. Ondo pasa!
Gasteizko alde zaharrean gaude, 22 musikari zirkulu batean jotzen hasteko prest. Txarangako kideetako bat sarrera markatzera doa. Neska bat erdi-erditik pasatzen saiatzen da. Besoa jartzen dut, sartu ez dadin.
“Vamos a tocar justo ahora, ¿puedes pasar por ahí?” esan diot. Eta berak erantzun dit kalea ez dela nirea, nik ez dudala ordaindu lur eremu hori erreserbatzeko eta berak eskubidea duela txarangaren erdi-erditik pasatzeko, nahi baldin badu. “Si no tengo sitio tendré que pasar por algún lado” esan du, baina kalearen zati bat libre zegoen, bera eta besteak ere pasatu ahal izateko. Hori erakutsi diot. Sartzen saiatu da berriro, baina nik besoa jarri berriro ere.
Buelta eman da eta nik erakutsitako bidetik joan da haserre. Bi metrora zegoela, begiratu eta “me dejas perpleja” garraxi egin dit. “Usted a mí también”.
Horrelako zenbat gertatuko zaizkigu datozen bost egunotan? Gaur izan da Gasteizko jaietan goizez jo behar dugun egun bakarra. Hemendik aurrera egunero, arratsalde hasieran “paseillo”a, eta afal aurretik itzulerako kalejira. Gero, gauez, 12etan hasi eta goizaldeko 3rak arte arituko gara kaleak alaitzen.
Eguzkia ez dugu hainbeste ikusiko, beraz. Gaur izan dugu, baina, dosi haundia goizean. Pasa den urtekoa baino gogorragoa. Horra, 2007ko Santiago eguneko bideo bat:
Gaur eguerdian, goiz bazkaldu eta hona etorri gara. Gaur da Gasteizko jaietan putz egin behar ez dugun egun bakarra, eta aprobetxatu dugu. Txupinazoan egon gara eta Kutxin (Cuchillería kalean) ibili gara gero. Bihar goizeko 9etan hasi eta hurrengo goizeko 3rak arte jo-ta-fuego.
Zorionez minimoen gainetik gabiltza.
Perkusioa: 4. Bonboa, kaxa, platoak eta laugarren bat (laguntzen, pandereta, txinatar kaxa…).
Bonbardinoak: 2.
Tronboiak: 2.
Tronpetak: 4.
Saxofoi altuak: 4.
Saxofoi tenorrak: 3.
Klarineteak: 4.
Helikoi 1.
Joan-etorri batzuk izango ditugu. Beste bi saxo alto, bi tronpeta, bi tronboi, bonbardino bat… etorriko zaizkigu. A tope gabiltza. “Gure” ohikoez gain, Ordiziako lagun batzuk mobilizatu ditugu eta gurekin daude hemen, Blancaren pensioan, Manuel Iradier kalean (bisitak onartzen ditugu, balkoian Eibar K.E.aren bandera dagoen tokian).
Ahaleginduko gara itzuli aurretik argazki edota bideoren bat jartzen. Ordurarte, pasa den urteko bat. Hor doa: